Donejakue fenomenoaren hasiera-hasieratik, Donejakue Bidean erromesak ibiltzeak interbentzio berezituak beharrezkoak zirela erakutsi zuen. Erdi Aroan bertan onartu zen arau andana bat, bai zibilak, bai elizarenak, gerora «Erromesen ordenamendu juridiko, edo Kodea» deiturikoa osatu zutenak. Erromes asko urruneko lurraldeetatik zetozenez, erromesaldiek nolabaiteko nazioarteko eskubide babesle bat sortu zuten, XIX. mendera arte iraun zuena. Hasiera batean, erromesei merkatariei aitortzen zitzaizkien eskubide berberak onartu zizkieten. Horrela, Espainiako erresumetatik zirkulatzeko askatasuna zuten, bidesariak ordaintzerakoan abantailak eta salbuespenak onartzen zitzaizkielarik. Gainera, abegi eta karitatearen betebeharretatik eratorritako babesa ere ematen zitzaien.
Aurreko mendean, ikuspegi berri bat gailendu zen administrazioetako esku-hartzeetan, Donejakue Bideko monumentuen ondare historiko-artistiko oparoa babesteko asmoz. Botere publikoak monumentuek osatzen zuten aparteko ondarea babesteari zioten hasiera batean, eta gerora lan hau zabaldu egin zen Bidearen beraren urgentziazko kontserbazio- eta mugaketa-lanetara, poliki-poliki desagertzea saihesteko. Irailaren 5eko 2224/1962 Dekretuak multzo historiko-artistiko izendatu zituen Donejakue bideko leku, eraikin eta paraje ezagun guztiak, baita horretarako sortu zuten Patronatu Nazionalak (gerora ekainaren 11ko 1941/1964 Dekretuak arautuko zuena) handik aurrera identifikatzen zituen beste guztiak ere.
XX. mendeko azken hogeita bost urteetan nabarmen igo zen Donejakue Bidea egiten zuten erromesen kopurua, baita Bidea bera errealitate kultural bezala berreskuratzeko interesa ere. Horri erantzuteko, Donejakue Kontseilua sortu zen.
Erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatzeko sinatu ziren akordio eta hitzarmen batzuetan islatu zen aurrena Donejakue Bidean eskudun diren Administrazioen arteko lankidetza. Kontseiluaren jatorria Donejakue Bidea berreskuratzeko eta biziberritzeko Lankidetza Hitzarmenean bilatu behar dugu, 1987an sinatutakoan. Bertan aurreikusten zen Kontseilu Koordinatzaile bat sortzea, Hitzarmena sinatu zuten autonomia-erkidegoetako eta Ministerioetako ordezkari banak osatuta.
Azkenik, urriaren 18ko 1530/1991 Dekretuaren bidez, Donejakue Kontseilua eratu zen, 1993ko Donejakue Urteko programak egingo zirela bermatzeko eta lankidetza errazteko. Sortu zenetik, Donejakue Kontseiluak osatzen duten administrazioen jardueraren koordinazioa sustatu du Donejakue Bidean.
2009an izan zen Kontseiluaren azken berrantolaketa, Munduko Ondarea den Donejakue Bidearen kudeaketan dituen lankidetza-funtzioak indartzeko. Orduan Frantses Bidea baino ez zegoen Munduko Ondarearen zerrendan, baina ordutik hona penintsula iparraldeko bideak ere (Antzinako Bidea, Kostaldeko Bidea, Liebanako Bidea eta Barnealdeko Euskal-Errioxar Bidea) sartu dituzte zerrenda horretan, 2015eko uztailean Munduko Ondare izendatu baitzituzten.